>

«Erronka da ongi bizitzeko hazkunde ekonomikorik behar ez izatea»

Iñaki Barcena, EHUko irakasle eta Ekologistak Martxan talde ekologistako kidea


Argazkian, Rio + 20 gailurrera joango den Ekologistak Martxaneko delegazioa: Rosa Lago, Iñaki Barcena eta Nerea Gonzalez

-Rio + 20 gailur ofiziala, kapitalismo «berdea» legitimatzeko, ezta?
«Kapitalismo berdea» gure ustez contradictio in terminis bat da. Oximoron bat. Alegia, ekonomia berdearekin hazkunde ekonomikoa mantendu nahi dute, diru-sarrerak handituz. Baina gure Amalurrak mugak ditu, eta beraz, planeta mugatu batean etengabeko hazkundea ezinezkoa da. Gainera, ekonomia berdea merkatuaren bidez garatu nahi dute. Merkatu libreak mundu mailan pobrezia gehiago sortu du, teknologia zikinak gelditzeko neurriak hartzeaz gain txirotuen aldeko dinamikak ez badira bultzatzen, merkatuak berez ez ditu txirotuen arazoak konponduko. Hau da, munduaren gutxiengo batek «diru-sarrerak handituko» ditu kapitalismo berdearekin, baina pobrezia ez da desagertuko. Hori da Ingurumen Justiziaren mugimenduak salatzen duena.

-Zer lotura dago ekonomia berde eta garapen sustengarria kontzeptuen artean?

Garapen sustengarria ekonomia eta ekologiaren arteko ezkontzaren seme-alaba dugu. Azken urte hauetan  ekonomiaren hazkundea nabarmena izan da,  iragarritako 2008ko krisia etorri arte, baina arazo sozio-ekologiko nagusiak ( klima aldaketa, biodibertsitate galera, energi,  ura…)  ez dira konponbidean jarri. Orain ekonomia berdearekin «lighting» edo pisu arintze bat eman nahi diote ekonomiaren gorputzari. Ekonomia berdearen proposamena gorputzari astindu bat eman nahi zaio elikagai osasuntsuagoekin baina bulimiak jota dagoen gorputzak baraua eta ariketa fisikoak behar ditu, deshazkundea, hain zuzen. Baina botika hori legez kanpokoa da Nazio Batuen Erakundearentzat. 
Garapen sustengarriaren akats nagusia izan zen ekonomiaren hazkundearekin parekatzea, hots  gorputza loditzea, ingurumena eta justizia sozialaren baldintzen aurretik jartzea.  Duela asko ekologismo sozialak, sustengarritasunaz eta ingurumen justiziaz egiten du berba, besoak, hankak eta buruari lehentasuna emanez, baina hori Nazio Batuen diskurtso eta praktikatik at geratzen da. Horregatik, Herrien Foro Alternatiboak antolatu behar dira emakume, indigena, langile, nekazari, eta gazteen ahotsak entzun arazteko.   

-Ekologistak Martxan elkartetik lau kide joango zarete. Zei da zuen plana? Foro alternatiboan parte hartuko duzue?

Bai eta ofizialean ere. Ofizialean Gobernuz Kanpoko Erakundeen delegazioaren parte bezala, «publiko» bezala eztabaid.a eta negoziaketa ofizialeen jarraipena egiten, baina hori gutxienekoa da.  Gure leku naturala «Herrien Gailurra» da, hor  hainbat taileretan parte hartuko dugu, (energia, zor ekologikoa, bio-erantzukizuna, AHT…) eta sare desberdinen bilera eta mobilizazioetan. Hemengo esperientzia eta kanpainen berri eman eta mundo osoko aktibistekin kontaktuan egon astebete, ikusi eta ikasiz.


-Foro honetako Energia eta zor ekologioari buruzko tailerretan parte hartuko duzue. Zer proposamenak eramango dituzue bi arlo horietan?

Energia alorrean Nazio Batuen aldetik arlo pribatuari  garrantzia ematen zaio, teknologia berdeetan ikertuz eta garatuz, batez ere. «Dirua irabazteko» esparru berria, negoziorako arlo berria, zabalduko dela esanez, animatu nahi dute enpresen mundua.  Gure aburuz energia negozioa izateaz gain persona guztiek behar dugun zerbitzu bat da eta horregatik gaurko energia sistema kolokan jartzen dugu eta konexioak bilatzen ditugu Ekuador, Chile, Brasil, Nigeria edo Mexikon dauden protestaldiak eta Euskal Herrian (Muskiz, Zornotza, Pasaia, Kastejon, Lantaron edo AHT-ren  artean..).  Zor ekologikoaren kontzeptua oso lagungarria da Hego eta Iparraren arteko loturak bilatzeko.   

-Gaurko egoerari buelta emateko aukera egongo da? Noiz egongo dira gizakien eskubideak transnazionalen interesen gainetik?
Gure erronka da ongi bizitzeko hazkunde ekonomikorik behar ez izatea, krisian eta prekarietatean murgildu barik. Ekonomiaren deshazkundea, bere kontsumoaren maila jaistea, eta egoera geldikorrera heltzea desiragarria izango litzateke. Hori, giza eskubideak eta ingurumen justizia, ekonomiaren hazkundearen gainetik jarri eta gero. Rio de Janeiron uda honetan, duela hamar 2002. urtean Johannesburgon gertatu zen bezala enpresa transnazionalen delegazioak gobernuenak baino handiagoak izango dira eta euren presentzia eta presioa ere. Multinazionalek ere euren irudi kaskarra berdetu behar dute eta horregatik Giza Erantzukizun Korporatiboari ekiten diote, duela berrogei urte Eliz Katolikoak misioetarako limosnak eskatzen eta batzen zituen moduan.  Greenpeacek, 1992. urteko Lurraren Gailurraren bukaeran, Rio de Janeiroko Pâo de Açúcar-rean pankarta erraldoi bat eskegi zuen,  non Lur planetari «sold out» -salduta-  leloa ipintzen zioten. Horrela kritikatu nahi zuten,  Nazio Batuen azterketa eta erabakietan, enpresa multinazionalak, krisi ekologikoaren erantzule nagusiak, inongo erregulaziorik eta kontrolik gabe jarraitzen zutela. Hogei urte pasa dira eta argi ikusten dugu Ekonomia Berdearekin eta Giza Erantzukizun Korporatiboarekin transnazionaleen jarduera antisozial eta antiekologikoak ez direla geldiarazten.

 

Baserri Bizia 40


Baserri Biziaren albisteak jaso nahi badituzu zure helbide elektronikoan, bidali hurrengo datuak

Bannerra

Lo más leido

BIDEOA

Twitter icon

@baserribizia

Loading..