>

"Durangoko hiltegia ixtea kolpe handia da Bizkaiko lehen sektorearentzat"

Mikel Ansotegi, Erraldeko presidentea

Aulestin jaio zen 1981ean, eta bertako alkatea da ekainetik. Erralde sozietate mugatuaren administrazio kontseiluko lehendakari kargua ere hartu zuen, alkatetzarekin batera. Durangoko hiltegia kudeatzen du Erraldek, baina urtarriletik itxita daukate, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aginduta. Itxieraren aurrekariez eta ondorioez berba egin dugu, baita Berrizen zabaldu behar den hiltegi berriaren proiektuaz ere.
Unai Brea
Aspaldi hasitako historia da Erralderena, enpresa bera 2006an sortu bazen ere. Urtebete lehenago itxi zen Durangoko hiltegia, 48 udalek osatutako mankomunitatearen esku zegoena, ia Bizkaiko erdiak. Erralde, berriz, hamahiru udalek sortu zuten –hamabost dira gaur egun–; hiltegia ostera zabaldu eta Berrizen beste bat egiteko proiektua gauzatu zuten, Durangokoa zaharkituta zegoela eta. Urtarrilean, ordea, itxi behar izan zuten, hala agindu baitzien Jaurlaritzako Osasun sailak, Europar Batasuneko legedia betetzen ez zutela argudiatuta. Arautegiari egokitzeko egindako hobekuntzek ez diete balio izan egoera horri buelta emateko. Apirilaren 18an egindako bileran, Osasun Sailak itxiera agindua bere horretan mantentzen zuela jakinarazi zien Erraldeko ordezkariei. Lehentasuna, orain, Berrizkoa albait arinen eraikitzea dute, baina hor ere atzeratuta dabiltza. Atzerapen horren erruduna ere Jaurlaritza dela salatu du Erraldek, denbora luzeegia pasa delako baimena eman dieten arte. Kontuak kontu, hiltegirik gabe dago Bizkaia uneon.

-Garbi daukazue Durangoko hiltegia ezin izango dela berriro ireki.

Bai. Urtarrilean Osasun Sailarekin berbetan egon ginen. Esan zuten egokiak iruditzen zitzaizkiela egin behar genituen hobekuntzak, baina apirilaren 18an egindako batzarrean ez genuen lortu hobekuntza horiek ikustera ere etortzerik. Esan zuten ia ezinezkoa izango zela hiltegia berriro zabaltzea. Oso itxaropen gutxi daukagu, esan daiteke behin-betiko itxita dagoela.

-Zer arrazoi eman zizueten erabaki hori hartzeko?
Irizpide teknikoak dira. Guk egin ditugu hobekuntzak, eta proposatu dugu lan egiteko modu berria. Esan zuten hiltegiaren lan egiteko modua arriskutsua zela, gurutzapenezko kutsatzea gerta zitekeelako. Guk hori saihesteko metodoak ipini ditugu, baina eurek, ikusi barik, esan dute hori ez dela nahikoa. Ikusten dugu esperantzak faltsuak zirela, eman ziguten hitza ez dutela bete. Hortik abiatuta, Durangoko hiltegia zabaltzea berriz praktikan ezinezkoa izango da. Beraz, proiektu berriari eskaini beharko diogu indarra.

-Arazo handiena hiltegiaren beraren forma omen da.
Bai. Suposatzen da, lehen beharra egiteko zegoen sistemarekin, beharginak mugitu egiten zirela gune batzuetatik beste batzuetara. Eta hori legediaren arabera ez da egin behar. Horrek sortzen ei du gurutzapenezko kutsatze arriskua. Guk proposatu genuen modu berrian lan egitea, behargin horiek gurutzatu barik eta kutsadura hori ekidinez. Baina ez digute eman aukerarik saiatzeko ere.

-Esan duzue Jaurlaritzako sailen artean koordinaziorik ez dagoela. Nekazaritzak dio Erralderena proiektu estrategikoa dela, baina Osasunak bestelako jokabidea dauka.
Hala da. Iazko uztailean bilera eduki genuen Nekazaritza Sailarekin, eta esaten zuten Erralde izango dela Bizkaiko hiltegi bakarra, eta eurek ipini zioten estrategiko etiketa. Baina Osasun Sailak, antza, ez du ikusten behar hori, orain Bizkaian hiltegirik ez dago eta. Eurek hartutako erabaki batengatik gertatu da hori, baina ez dute ipini alternatibarik. Nondik bueltatuko zaie abeltzainei bidaietan galtzen ari diren dirua? Zerbitzu bat kendu dute, eta irtenbiderik bilatu ez. Kontuan hartu behar da abeltzainei orain diru eta denbora gehiago kostatzen zaiela ganadua hiltzera eramatea.

-Nora joaten dira orain?
Gipuzkoara, Oñatikora edo Urkaikora, Zestoan. Baita Laudiokora ere, baina hori nahiko txikia da. Garraioan gastu gehiago egin behar dute, eta hori oso kaltegarria izan daiteke aurretik ere oso estu zebilen sektore batentzat. Batzuek diote ez diela merezi. Kolpe handia da lehen sektorearentzat Bizkaian.

-Eta abeltzainek eurek, zer diote?
Gure moduan egon dira, zabaltzeko esperantzarekin. Kontuan hartu Durangoko hiltegia lehen aldiz itxi zenean, 2006an, 1.017 esplotazio galdu zirela. Gehienak txikiak ziren, 4-8 lagun bitartekoak. Horrek esan nahi du abeltzaintza eredu oso jasangarri batek kalte handia izan duela. Erraldek 3.000 abeltzaini eman izan die zerbitzua, horrek esan nahi du 3.000 familiak sostengu hori eduki dutela, eta horietatik batzuk horretan besterik ez dute jarduten. Orain ikusten dute soldatak bajatuko zaizkiela. Astean 100 euro gehiago gastatu behar dituzte garraioan.

-Bizkaia osoko familiak dira?

Hildako abereen %90 inguru Bizkaikoak izan dira. Probintzia osokoak. Eta ez da bakarrik ganadua nondik datorren. Hiltzen denaren %95 Bizkaiko harategietan saltzen da. Azken batean, bertoko okela da, berton kontsumitutakoa, eredu jasangarria da. Elikadura-subiranotasunari bultzada ematea da.

-Jaurlaritzak sustatutako Zorrotzako (Bilbo) hiltegia ere egon da zabalik orain urte gutxira arte. Oso eredu desberdinak izan dira Erralderena eta harena.

Erraldek lehenengo sektorearen interesen arabera jokatzen du. Ez dabil irabazien bila. Eta funtzionatzeko modua desberdina da. Bildotsaren kasuan, adibidez, abeltzainekin eurekin negoziatu zen zer preziotan atera. Beste leku batzuetatik ekarritako bildotsaren bi halako pagatzen zuen Erraldek. Baserritarrentzat interesgarriagoa da Erralderen eredua. Gero kontsumitzaileak gehiago pagatu behar du, baina jakinda kalitatezkoa dela. Abeltzainak bakarrik ez, kontsumitzaile asko ere eredu horren alde daude.

-Hiltegia itxita egon zen aurreko aldian 1.017 esplotazio desagertu zirela diozu. Zer ondorio ekar dezake oraingo itxierak, jakinda Berrizkoa funtzionatzen hasteko urte bi inguru igaroko direla?
Ez dakit, ez dugu kalkulurik egin. Esan behar da, bestalde, 1.017 haiek galtzeaz aparte, lehen pasatzen zen beste gauzetako bat zela jendeak, txahalak jaiotzen zitzaizkienean, hazi beharrean gizendegiei saltzen zizkietela. Gizendegietan hazten den moduan hazten da ganadua, eta okela hori gero gugana dator bueltan. Ez dugu uste guk kontsumitu nahi dugun okela hori denik. Zerbitzua berreskuratu behar da sektoreak kolpe handiegia hartu baino lehenago. Sektoreak lehen ere jakin du lehen hartutako kolpetik gutxika errekuperatzen, baina orain gauzak dauden moduan ez dakigu zer pasatuko den.

-Zuen helburuetako bat Erralde handitzea da, udal gehiago sartzea.
Ez da Erralde bera handitzea, ez nuke hori esango. Proiektua aurrera ateratzea da gakoa, Erralde moduan edo beste modu batean. Inportanteena da zerbitzu hori emango duen azpiegitura edukitzea. Horretarako beharrezkoa da administrazio publikoen parte hartzea. Orain hamabost udalok daukagu erantzukizuna, hamabostok bakarrik egon gara sektoreari zerbitzu ematen. Eta udal txikiak gara, ertainen bat, handi-handirik ez dago. Horregatik behin eta berriro egiten diegu deia administrazio guztiei, hasi Jaurlaritzatik eta azken udalera arte. Administrazioari dagokio zerbitzu hori ematea, eta hamabost udal gutxi dira.

-Krisia ere hor dago.
Bai, baina lehentasunak zeintzuk diren ikusi behar da. Elikadura, bertoko produktuak kontsumitzeko aukera, oinarrizkoa da. Denok batzen bagara ez da sekulako ahalegina izango. Krisian egon arren beste zerbitzu batzuk ez dira ezbaian jartzen, eta hau ere ezin da ezbaian jarri.

Iturria: Argia

 

Baserri Bizia 40


Baserri Biziaren albisteak jaso nahi badituzu zure helbide elektronikoan, bidali hurrengo datuak

Bannerra

BIDEOA

Twitter icon

@baserribizia

Loading..