>

«Zerbait oso larria gertatu aurretik mugitu beharko dugu denok»

Shinyia Takeda Japoniako Arnasaren Burujabetzarako Mugimenduko idazkariak


Arnasaren Burujabetzarako Mugimenduaz liburu bat idatzi du Takedak: 'Ki of Street Artists: Social Peace Movement'. Mugimendu horretako idazkaria da, eta, gaur, hitzaldia emango du Bilbon.

Urtzi Urkizu / Iturria: Berria

Iberduerok Lemoizko zentrala eraikitzeko lortutako baimenaren 40. urtemugan eta Txernobylgo hondamendiaren 26. urtemugan, Ekologistak Martxan taldeak hitzaldia antolatu du Fukushimaren hondamenaren emaitzak aztertzeko. Shinyia Takeda Arnasaren Burujabetzarako Mugimenduko idazkariak emango du hitzaldia, gaur, Bilboko Ekoetxean (Pilota kalea, 5), 19:30ean.

-Zertan da gaur egun Fukushimako egoera?
Erantzuten zaila da hori. Nire iritziz, ez da ezer aldatu zentraleko energia nuklearraren mehatxua han dagoenetik. Beste lurrikara bat gertatzen bada, Fukushimako erregai barrak suntsi daitezke eta isuriak egon daitezke. Aditu batek esan zuenez, hori gertatzen bada, Japoniarenak egin du. Inguruan bizi direnak ohitu dira mehatxu horrekin bizitzera. Ni Fukushiman egon nintzen, eta ez dut hitzik deskribatzeko han ikusitakoa.

-Zein da Arnasaren Burujabetzarako Mugimenduaren lana?

Bakearen ikerlea naiz, eta nire ikerketak bakea honela definitzen du: «Arnasketa natural atseginena». Japonian herritar gehienek elikagaiak eskuratzeko aukera dute. Baina urtero 30.000 lagunek beren buruaz beste egiten dute, eta beste 10.000 lan gehiegi egiteagatik hiltzen dira. Eta milioi bat herritar dira depresioa dutenak. Arnasketak sistema nerbiosoan eragina du, eta horrek, depresioan. Japonian gizartea estresatuta dago, eta herritar askok euren baliabide naturalak galtzen dituzte arnasketa txarraren erruz. Gizarteak, ordea, ez du arretarik jartzen arnasketan. Gizarte mugimendu askok ekimena hartzen dute zerbait gertatu eta gero. Baina gehienetan beranduegi da. Gure mugimenduak aurrea hartu nahi du, eta jendeak kontzientzia hartzea nahi luke.

-Fukushimakoa gertatu ostean mugimendu antinuklearra hazten ari al da Japonian?

Bai. Aurretik soilik talde gutxi batzuek egiten zituzten manifestazioak, eta inork ez zien kasurik egiten. Orain, talde berri asko hasi dira protesta egiten, baita gazte ugari ere.

-Energia nuklearrari zer alternatiba aurki diezaiokete gobernuek?
Esan izan da Japoniak ez dituela baliabide nahikoak. Baina beste begi batzuekin begiratuta, haizea, sumendiak eta beste alternatiba batzuk badaude. Gobernuak beste energia horiei heldu behar lieke. Bestetik, gure bizitza estiloa aldatu behar dugu gizarte iraunkorragoa egiteko.

-Europan zentral nuklearrak etorkizunean desager daitezkeela iruditzen al zaizu?

Europarrak oro har konszienteagoak dira energia nuklearraren arriskuaz, eta pentsatzen dut zentralak etorkizunean desager daitezkeela. Hala nahiko nuke nik behintzat.

Zer erronka ditu etorkizunari begira mugimendu antinuklearrak?

Pertsonen hezkuntzatik hasi behar dugu. Energiaren inguruan dauden negozio ilunen berri izan behar du jendeak. Bestetik, zerbait oso larria gertatu aurretik mugitu beharko dugu denok. Arnasaren Burujabetzarako Mugimenduak duen garrantzia oso handia dela sinistuta nago.

Japonian jendea konturatzen al da beste Fukushima bat gerta daitekeela?

Batzuk bai behintzat. Nekazari gazte bat Fukushimara itzuli da berriro lurra landatzera. Zergatik itzuli zen? Esan zuen Japonian leku guztietan dagoela arrisku bera.

 

Baserri Bizia 40


Baserri Biziaren albisteak jaso nahi badituzu zure helbide elektronikoan, bidali hurrengo datuak

Bannerra

Lo más leido

BIDEOA

Twitter icon

@baserribizia

Loading..