|
Aldarrikatzen du ELBk
"Ardi sailak bizi duen krisaren parean, hautetsien mobilizazioa begi onez ikusten du ELBk, gaurko ibilmolde okerraren froga argiena CLPBren kasua dela. Bainan zer ari ote da Interprofezionea ? Hautetsiak ere arrangura dira eta ixiltasun hori ez dute ulertzen!", dio ELBk prentsa ohar baten bidez.
ELBren komunikatua
CLPBko ardi hazleendako aterabide kolektiboa atxemana izan dadin lehen bailehen galdegiten du ELBk, esnearen botatzea hazle batek egiten ahal duen azken puntako jestua delarik bere bozaren entzunarazteko.
Bainan CLPBren kasuaz gain, ardi sailaren egoera orokorrak Interprofezionea gidari eta ekipajarik gabeko itsasuntzia dela erakusten du, ehunka laborari beren ber uzten dituenak, berregituratzearen haizeak azkarki jotzen duelarik.
Esne erreferentzien finkatzea, esnearen kalitateaz prezio baldintza berrien aplikatzea, ekoizpenaren kudeaketa kriterioak erabakitzea, pundu hauek esnetegika imposatzen ari dira mementoan, Interprofezioneari dagokiolarik erabakitzea eta aplikatzea. Arranguragarriena da Interprofezioneko arduradunek dutela eginmolde hori bultzatzen !
CLPBko ekoizletarik landa, Chaumes (Bongrain taldea) gasnategiko ekoizleak irriskuan izaiten ahal litaizke laster. Mendiko eskualde osoak bilketarik gabe uztea aipatzen du Mauleko esnetegiak. Urte luzez, produkzioaren emendatzea eta lakona hazkuntzen garapena sustatu du enpresa hunek. Ondorioa agertzen da gaurregun : 84 lakona hazleek Chaumes-eko esnearen %40a ekoizten dute, gaineratekoarendako 400 ardi esne ekoizle behar direlarik! Urte batez, Chaumesko lakonadunek 600 000 litro emendaketa sortu dortu dute, alta Interprofezioneak 2011an erabaki zuen kanpoko arraza hazkuntzen produkzio emendaketen blokatzea.
Chaumes-ek 20 miliun litro biltzen ditu eta erdia baizik ez du gasnatzen. Laster, lakona hazleak aski izanen zazko gasnatzearen segurtatzeko. Zer bilakatuko dira beste 400 laborariak, Ossau Irati sor markako kalitatezko esnea ekoizten dutenak, bazterrak zaintzen dituztenak, herrietako bizia atxikitzen dutenak ? Sor markako gasnarik ez du sekula egin nahi izan Chaumes-ek, Euskal Herriko laborantxaren irudiaz baliatzen den Etorki gasnari lehentasuna emanez. Huna froga berria sor marka dela hazleen atxikitzeari eta lurraldearen garapenari garantiak emaiteko bide bakarra.
Ohartzen gira ere Société des Caves (edo Pyrénéfrom, Lactalis taldea) esnetegiak, gaurregun Ossau Irati sor markako gasnatzaile nagusiak, dibersifikazio produktoen garapenari gero eta inportantzia gehiago emaiten dakola, hala nola (Eslobenioako ?) P’tit Basque gasnari, hunek ez duelarik luzarat segurtamenik eskaintzen Ossau Irati eremuko ekoizleeri.
Ardi esne sailak erakunde berri bat behar du, ekoizle eta transformatzaileak bilduko dituenak bainan ere lurraldeko ordezkariak. Hauek gabe, gure herrien zaintzeko eginak diren indar guziak deuseztatzen dituzte multinazionalen estrategiek. Ardi batzorde horrek ardi sailako norabideak finka lezazke, enplegua, laborarien irabazia, ekoizpenen kalitatea eta ingurumenaren zainketa kondutan hartuz.
Azkenik, Ardi Interprofezioak eta Ossau Irati sor markako sindikatak bat egin behar dute (Roquefort eskualdean egiten den gisan), eragile guziek bide berdina jorra dezaten, hau da laborantxa herrikoia, laborari eta enpresa ainitz atxikiko eta biziaraziko dituenak. Contact : Laurent Hirigaray : 05-59-37-78-31
|