|
Urtarrilaren 14an Bizkaiko EHNE-ko ekoizle ekologikoen elkartea den "Lurreko"ko partaideak Zornotzako Uxarte sagardotegian elkartu ziren urteko asanblada orokorra ospatzeko. Deialdira 21 baserritar hurbildu ziren eta sagardotegian bertan ederki bazkaldu ondoren, batzarrari ekin zitzaion, zehaztutako ordua baino beranduxeago… Agendan hainbat gai zeuden jorratzeko (Eneek, EHKO, Kubako bidaia…), baina sarritan gertatzen den moduan, eztabaidak luzatu egin ziren eta ilun zela utzi zuten Uxarte akordio bateratu batzuk lortuta behintzat.
Lurrekoren azkenaldiko geldialdia zela eta berau dinamizatzeko premia sentitzen zen eta hori izan zen asanbladan hartutako erabakietatik bat. Honekin batera, ezinbestekoa ikusten zen taldearen nortasuna finkatu eta beronen norantzaren inguruko hausnarketa egitea. Egungo testuinguruan (ENEEK, Nekasarea, Etxalde...) geure burua finkatu behar zela adostu zen. Honela, Lurrekoko partaideon ezaugarriak zeintzuk diren ere aztertu ziren: Bizkaiko EHNE-ko ekoizle ekologikoen elkartea da; baserritar profesionalak, txikiak eta ekoizpen eta kontsumo ekologikoa bultzatu nahi dituzte. Partaideen bidea agroekologian kokatu zen. Honek, baserrigintza ekologikoa oinarritzat hartuz, haratago joatea suposatzen du. Nekazaritza eta kontsumo osoaren inguruko hausnarketa eskatzen du: bertoko haziak erabili, herrigintzan parte hartu, ahalik eta kanpoko gai gutxien erabili baserrietan... ENEEK en baliogarritasuna azpimarratu zen baserritarren lanaren tresna bezala; asanbladan ikuzi zenez,honekin batera beste zertifikazio era batzuk osagarri izan daitezkeen arren gaur egun, ENEEKek duen ikuspegia elkartearen bidearekin bat dator nagusiki, nahiz eta legedia medio agroekologiarekin zerikusirik ez duen beste nekazaritza ekologiko praktika batzuk ere ziurtatzen dituen. Formakuntza beharrezkotzat jo zen Lurrekoko taldekideontzat eta honen harira, duela gutxi Lurrekoko hainbat kidek Kubara egindako bidaian ikusi eta ikasitakoa azaldu zuten. Interesgarri eta beharrezkotzat jo zen munduko hainbat herrialdetan garatzen den “campesino a campesino” antzeko sare bat sortzea hemen bertan ere; sare honek baserritarren artean nolabait antolatu eta esperientziak elkartrukatu, auzolanak egin eta agroekologiaren bideak hobeto jorratzeko balioko duelakoan.
|