Bi herrialde horietan botoen %48,43 lortu ditu ELBk, eta Zuberoan eta Biarnoko zati batean, %39,26

Laborantza ganberako bozketen kontaketa eginik, Euskal Herriko Laborarien Batasuna-Confederation Paysanne (ELB-CP) zerrenda lehen atera da Nafarroa Beherean eta Lapurdin, botoen %48,43 lorturik. Urteetan, ELBk ziona baina bozketen bidez frogaturik gabe gelditzen zena argitu da: behintzat, Nafarroa Beherean eta Lapurdin lehen indarra dira. «Guk genion nagusi ginela Ipar Euskal Herrian, FDSEAk haiek zirela, hor agertu da nork zuen egia», zioen barda pozik Laurent Hirigarai ELB-CP zerrendako bigarrenak. Jean-Mixel Ansolabehere FDSEAko zerrendaburuak ez zuen interpretazio berdina egin, eta zehaztu Zuberoako emaitzak ez direla barne. %47,97 eskuraturik, biziki hurbil kokatu da FDSEA, hamabi botoko tartearekin bakarrik.
Zuberoako botoak Biarnoaren zati batekin kontatuak izaki; ezin jakin, beraz, Ipar Euskal Herriko emaitzak. Haatik, argi geratzen da, Euskal Herriaz geroz eta urrunago joan, eta FDSEAk emaitza hobeak dituela. Lapurdi eta Nafarroa Beherean ELB-CP zerrendak %48,43 eta FDSEA-k %47,97 egin baldin badute, Zuberoa eta Biarnoko zatian %39,26 lortu du ELB-CP-k eta %48,50 FDSEA-k; soilik Biarnoa duen bozka barrutian %17,81 ELB-CPk eta%52,23 FDSEAk.
Nahiz bi sindikatu horien artean izan lehia, hirugarren bat ere bazen, Coordination Rurale. Lapurdi eta Nafarroa Beherean %3,6 egin du, eta Zuberoa duen bozka eremuan, %12,3.
«Herri laborantzaren mezua geroz eta gehiago ulertua da, eta FDSEAren emaitzek islatzen dute, aldiz, laborantza industrialak geroz eta sostengu txikiaago duela», Hirigaraien arabera. ELBk urte luzeetan zehar eramaten duen Euskal Herriko laborantza ganberaren aldarrikapenari ere ematen diote indarra emaitzek, beti Hirigaraiek dioenaz. «Laborariak gure gibelean ditugula agertu da; boteredunek beharko dute hori kontuan hartu eta laborantza ganbera ofiziala sortu hemengo».
FDSEA %50az behetik
FDSEAk eusten baldin badio ere Paueko Laborantza Ganberaren presidentetzari, ezustekoa izan zuen atzo, hauteskundeen emaitzak jakitean. Aitzineko bozketei konparaturik, bost puntu gutxiago eginik, lehen aldikoz %50 petik pasatu da, botoen %49,6 bilduz. «Laborariek bizi dituzten nekeziak ikusirik, ez da harrigarri: edo ez dute bozkatu edo zigor-botoa erakutsi digute boterean garenoi», Ansolabehereren hitzetan. Hala eta guztiz ere, «biziki kontent» agertu da, parean bi zerrenda izanik ere, ia botoen erdiak dituelako.
ELB-CPk departamenduan %35,3 eskuratu du, eta Coordination Rurale-k, berriz, %15,1. Aitzineko aldietan ELB Ipar Euskal Herrian eta Confederation Paysanne Biarnoan aurkezten baldin baziren, aurten elkarrekin azaltzeko parioa egin zuten. Elkarrekin aurkeztu izana bozkatzaileek «ulertu» dutela islatzen dute emaitzek, Hirigaraien ustez. ELB egonen da Paueko Laborantza Ganberan, batetik, «herri laborantzaren mezua pasarazteko» eta, bestetik, «FDSEAk egiten duena hurbiletik zaintzeko, ez dezaten orain arte bezala laborari ttipia mehatxatu». Emaitzen kokapen geografikoari begiratuz, argi geratzen da Euskal Herrian eta Biarnoan laborantza eredu ezberdinak direla sostengaturik. «FDSEA azkar da Biarnoan, Euskal Herrian ELB-Confederation Paysanne, Ipar Euskal Herriko laborantzaren berezitasuna islatu da», Hirigaraien arabera.
LAB, hirugarren indarra
Laborarien kolegioak baldin badu ere garrantzi handiena, beste batzuk ere badira. Tartean, erretretan diren laborariena, lur jabeena, laborantza ekoizpenetako langileena edota laborantza arloko profesional taldeetako langileena. Langileen ordezkatzeko hautua egin zuen aldi honetan LABek, lehen aldikoz. 209 boto bildurik, hirugarren indarra atera da. Lapurdin eta Nafarroa Beherean bigarren atera da, botoen %20kin baino gehiagorekin.
iturria: Berria.info











