Gizarte komunitarioa indarberritzea garrantzitsua da denboraren bankuko sustatzaileentzat eta egun, hamaika ekimen dituzte martxan pertsonek zerbitzuak eta esperientziak trukatu ditzaten. Web gunean (bdtbilbao.org) zerbitzu mota desberdinak bildu dituzte. Batzuetan dirua ez da trukerako txanpon aproposena. Antzinan gizakiak denborarekin eta zerbitzuen elkar-trukearekin jokatzen zuen eta esperientziak partekatzeko abaguneak sortzen ziren. Monetak agertu eta eskemak goitik behera aldatu ziren orduan, baina badira ezpiritu hau bizirik mantendu nahi dutenak, zerbitzuen hartu-eman horretan sinesten dutenak.
Konekta Teknologia Komunitarioak eta Aldauri Fundazioak indarrak batu dituzte Bilboko Auzo Altuen Denboraren Bankua sortzeko. Baina zertan datza? Denbora neurtu baten bidez zerbitzu oso desberdinen elkar-trukean oinarritzen da. Horrela, auzune eta leku pobretuetan teknologia berrietara ailegatzeko modurik ez duten pertsonentzat formakuntza eta ikastaroen antolamendua bezalako ekimenak garatzen dituzte.
Auzoetan gizarte garapena piztea izan da xedea hasieratik. “Integrazioa, hizkuntza, kontaktu errealak, elkar ezagutzeko aukera, informaltasuna... balore asko lantzen ditugu”, adierazi du Arturo Izarzelaiak, Aldauri Fundazioko presidenteak.
Jendea kontaktu errealean ipintzea da Bankuaren helburuetako bat; xede hau garrantzitsua da auzokideek elkarren berri izan dezaten.
Denboraren Bankua Mariaren Bihotza plazan, San Frantsizko kalean, ditu instalazioak. Bertan, etnia eta herrialde askotako pertsonak elkarbizi dira eta horrek aniztasunerako aukera ematen du; eta horrekin batera, ezagutza hain desberdin horiek partekatzeko. Izarzelaiak azaldu duenez, auzo honetan sare-soziala indartzea da xedeetako bat; horrela, jubilatuen edo emakumeen elkarteekin ere aritzen dira elkarlanean.
2008ko abenduaz geroztik bankua martxan dago. Ugariak izan dira ekimen honi esker trukatu diren zerbitzu eta esperientziak eta egun, hazkundeko izaera mantendu eta 358 parte hartzaile ditu Denboraren Bankuak. Parte-hartzen duten pertsonen profila antzekoa izan ohi da. Orotara, %53 emakumeak dira eta guztira, erabiltzaile gehienek 26 eta 45 urte bitartean dituzte. Jatorriari dagokionez, asko eta asko Euskal Herrikoak dira, baina kanpotik etorritakoek borondatea eta gogoak ere aurkezten dituzte. Halere, Bankuan parte hartzeko adin nagusitasuna beharrezkoa da.
“Esperientziarik politena euskaldunak beste tokitako pertsonekin egiten dituzten trukeak somatzea da; hortik harremanak eta laguntzak sortzen dira”, azaldu du Aitor Blazquez Denboraren Bankuko langileak.
San Frantzisko auzoak mota honetako proiektua garatzeko aukera ona izan zen. Kale horietan zehar munduko toki askotako pertsonak aurkitzen dira; baina sustatzaileek azaldu zutenez, bidea ez da erraza izan. “Ilusioa ikusten dugu, gustora ateratzen den jendea. Hainbeste arazo dituzten auzoetan, askotan, beldurrez egiten dira gauzak. Beti beldur hori badago, baina azkenean, egia esan, esperientziak onak izaten dira. Batzuetan beldurrak aurreiritzien ondorioak izaten direlako”, gaineratu du Izarzelaiak.
Klaseak, hizkuntzak (gaztelera gehiengo kasuetan, baina, euskara ere eskatzen dute noizbait) dira batez ere eskatzen direnak; izan ere, integraziorako hizkuntza ezagutu behar da halabeharrez. Gauzak horrela, formakuntza eskaintzen dute, oinarrizko informatika formakuntza, adibidez. Gainera, eskaria baldin badago, ikastaroak antolatzen dituzte. “Mendira joan, bizikletaz ibili, patinak jantzi eta buelta bat eman... aukera asko sortzen dira hemen”, azaldu du Aitor Blazquezek. Abagunea zabala da. Web gunean ikus daitekeenez, aisialdirako eskaintza asko biltzen dituzte Denboraren Bankuan. Esaterako, gastronomiaren inguruko hartu-emanak pisu handia dauka.
Gainera, edonork parte har dezake. “Badago kontrol minimo bat, norbaitek zalatzen badu interbentzio txar bat egon dela, orduan esku hartzen dugu; baina, normalean, ez dira horrelako egoerak suertatzen”, gaineratu du Blazquezek. Solidaritatea, inklusioa, zorroztasuna, ekonomia alternatiboa, erantzukizuna, gardentasuna, koherentzia edo aniztasuna dira Fundazioak defendatzen dituen balioetako batzuk.
Bankuak hain harrera ona izaten ari du non duela bi urte jardunaldiak abiarazi zituzten eta, jada, esperientzia anitz trukatzeko eremu bihurtu egin dira.
plan estrategikoa. Aldauri Fundazioak 2011-2014rako Plan Estrategiko bat garatu berri du. Urte hauetan zehar misio zehatzak izango ditu; esaterako, ingurunea aldatzea eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako pertsonen bizi baldintzak hobetzea. Eta horretarako, gizarte eta lanbide txertaketak, ekonomia solidarioaren sustapena eta gizarte komunitarioa indarberritzea bultzatuko dira.
Beste alde batetik, nortasun komunitario berria eta positiboa eraikitzeko proiektuen eta espazioen bultzatzailea bihurtu nahi du eta hau lortzeko, antolamendu ganorazko, eraginkor eta sendoa hartuko ditu, adibidez, abiapuntutzat.






