>

Ardi esne saileko krisiaren aurrean FDSEAk eta Patrick Etchegarayek industrialen alde jokatzen dutela salatu du ELBk

ELB sindikatuak FDSEA sindikatuak eta interprofesioneko Patrick Etchegaray lehendakariak ez dutela ezer egin esne industrialek gauzatzen dituzten erasoak oztopatzeko salatu du. Horren harira, ELBko laborariek interprofesioneko ekoizleen batzordearen bilkura boikotatu dute haien arrangura adierazteko. Alta, joan den apirilean Interprofesioneko Iholdiko bilkuran Patrick Etchegarayen eskaera baten ondotik, CLPBren esne biltzearen arazoa gainditzeko bitartekari bat izendatzeko proposamena ontzat eman du ELBk.


Mattin PETRISSANS l BAIONA

Iturria: Kazeta.info

Besteak beste, ELBko Jean Paul Duhaldek aitzinatu duenez, bilera huntan FDSEAkoa eta Pyrénéfrom esnetegiko ekoizleen lehendakaria den Joseph Lurok "démerdez-vous" bezalako erranak ukan ditu edo CLPBkoei aholkatu die "buztana apal negoziatzera joaitea haien egoeraren mediatizatzeko partez". Duhaldek ez du onargarria ikusten laborari batek beste laborari batzuei horrela mintzatzea.

Etchegarayek, aldiz, "industrialak eta ELB hein berdinean ezarri zituen, gaurko egoeraren errespontsabilitatea gehiago ELBren bizkar emanez sindikatuak bilkura guziak blokatzen dituela" akusatuz eta "denen kontra direla" gaineratuz.

Haatik, interprofesioneko lehendakariak Laborantzako Ministeritzari galdegin zaion bitartekari bat igor dezan CLPBren esne biltzearen arazoaren konpontzeko eta erantzun baikorra ukan du. ( Xehetasun gehiago).

ELBk baikorki ikusten du bitartekariaren iniziatiba bainan "CLPBren problemaren aterabide baten aurkitzeaz gain interprofesionearen ibilmoldea konpontzen ahal duela ere" uste du. Haien iritziaren plazaratzeko, sindikatuko laborariek suprefetaren ikustera joanen direla jakinarazi dute.

Egoera blokatzearen edo denaren aurka izaitearen akusazioari dagokionez ELBko Xabi Lopepe argitu du "eragile guzien artean adostuak izan ziren azken akordio interprofesionalen zangopilatzearen kontra zirela". Ukatutako akordioak haiek dira:

CLPBko esnea lekuko esnetegien artean partekatzea segurtatzen duen 2000ko akordioa.
Tokiko esneari lehentasuna emaiten dion akordioa.
Sor markatik kanpo den esnearen kudeaketa sistema bat finkatzen duen akordioa.
Esnetegiak kanpoko esne sartzeen apaltzera engaiatuko direla dion akordioa, urte hastapen huntan egindakoa.

Hortaz gain, interprofesioneko ekoizleen taldea osatzen duten FDSEA eta ELB sindikatek, bost hilabetez elgarrekin lan egin ondotik, industrialei aurkeztu behar zuten jarrera edo aldarrikapen dokumentuaren pundu guziak lehen sindikatak ukatu dituela gaineratu du bigarrenak.

Dokumentu hunek sor markatik kanpoko eta hazle handienen ekoizpenaren mugatzeko, esnearen inportazioen mugatzeko tresna bat plantan ezartzeko, tokiko esneari lehentasuna emaiteko edo ekoizle ttipien laguntzeko neurriak proposatzeko xedea zuen.

ELBko Laurent Irigaraiek ez du ikusten "interprofesioneko lehendakaritza fitesko utziko duen Patrick Etchegarrayek sor markaren eta hazleen aurka bi urtez ukan duen jokamoldearen ondotik, AOP sor markaren buruan izanez nola sor marka eta ekoizleak defenditzen ahalko dituen".

"Ekoizleen eta ardi sailaren onerako aitzina" jo nahi du ELBk
"ELBk zerbait blokatu nahi badu, industrialek ardi esne sailean hartu nahi duten nagusitasuna da eta bereziki beren nahikeri liberalen peko laborariak jartzeko duten xedea" dio Lopepek. "Azken 15 urteetan gasnaren prezioa %20/25ez emendatu da eta gainbalioaren %91a industrialek dute errekuperatu beste partea laborarientzat izan delarik. Duela 15 egun atera diren ardi esne saileko behatoki ekonomikoaren emaitzek ardi esne ekoizleek 0,6 SMIC irabazten dutela erakutsi dute" osatu du Irigaraiek.

Interprofesioneak "ibilmolde normala ukan dezan ordua dela" argudiatzen du sindikatuak eta horretarako egituraren funtzionamendua aldatzeko neurri zehatzak hartu behar direla pentsatzen du. Ekoizleen batzordea guzien artean demokratikoki bozkatu behar dela ( gaur egun esnetegika egiten da ) eta etxeko gasna ekoizleen taldea sortu behar dela diote. Baita ere, sor markapeko esnea eta bestelakoaren arteko prezioen diferentziak haundiagoak izan daitezen eta lekuko esnea lehentasunez erabilia izaiteko kontrola tresna bat beharrezkoa dela aitzinatzen dute.

Azkenik, CLPBren esne guzia sor markaren prezioan erosiz aterabide kolektibo baten atxemaiteaz gain, promozio kolektiboa osoki Ossau Irati sor markaren alde bideratua izan behar dela pentsatzen du ELB sindikatuak. "Neurri hauek lehentasunezkoak dira. FDSEA eta ekoizle guziak aldarrikapen haueri juntatzea deitzen ditu ELBk, ekoizle guzien eta ardi sailaren etorkizunaren onetan" bukatu du Xabi Lopepek.

 

 

Baserri Bizia 40


Baserri Biziaren albisteak jaso nahi badituzu zure helbide elektronikoan, bidali hurrengo datuak

Bannerra

BIDEOA

Twitter icon

@baserribizia

Loading..