>

Eguneko esnea saltzeari ekin dio Arabaesnea-k

Arabaesnea hamar ekoizleren artean sorturiko kooperatiba da, bitartekari zein marka handiek ezartzen dizkieten gehiegizko prezioak saihesteko eta, gainera, kontsumitzaileei eguneko esnea, eta beraz, kalitate hoberenekoa emateko. abuztuaren 18an hasi zuen jarduera.
Arabaesnea azkenaldian sarri entzundako izena da, eta berritasuna izateagatik agian, arrakasta handiz hasi du bere jarduera: abuztuaren 18a izan zuen lehen eguna, eta salmentan jarri zituzten 1.500 esne litroetatik ia guztia banatzea lortu zuten. Erakundearen izenak berak iradokitzen duen bezalaxe, hamar esne-ekoizle arabarrek eratu berri duten kooperatiba da Arabaesnea, bere jarduera egunean bertan jetzitako esnea kontsumitzaileei zuzenean saltzera bideratzen duena, hain zuzen ere.
Euskal Herrian gisa bereko bigarren ekimena da, Elizondokoa izan baitzen lehena. Helburutzat dute kalitate goreneko esnea kontsumitzaileen eskura jartzea, «jendeak esnearen benetako zaporea ezagutu dezan», webgunean diotenez. Horretarako ahal bezain pasteurizazio prozesu txikiena egiten dute. Hasieran, esne gordina saldu nahi zuten, norberak irakin zezan bere gustura, baina legez derrigorrezkoa da saldu aurretik pasteurizazioa prozesua betetzea. Prozesu horri ez dietenez gehitzen inolako osagairik, ez kontserbatzaile, ez zapore-emailerik, ahal den neurririk handienean esne naturala izan dadin, kalitate ezin hobeko produktua eskuratzen du erosleak. Gainera, ingurumenarekiko arduratsua den bidetik merkaturatzen dute, ohiko brik ontzietan banatu beharrean, Arabaesneak berrerabili daitezkeen ontzietan saltzen baitu produktua.
Eguneko esnea nahi dutenentzat arazo bakarra baino ez luke honek guztiak: makina automatikoen bidez banatzen dutela, eta makinok Araia, Agurain, Murgia eta Gasteizen -Abastos Merkatuan eta Eroski Boulevard zentroan- daudela. Hala ere, hori behin-behinekoa dela adierazi du Kooperatibak, eskaeraren arabera eskaintza zabalduko baitute.
Gainerakoan, Arabaesneak merkaturatzen duen eguneko esnea erostea oso erraza da: esne makina dagoen tokian, plastikozko eta beirazko ontziak dituen beste makina bat dago. Behin ontzia lortuta, esne makinan txanpon bat sartu, atetxoa ireki eta txorrotari eragitea besterik ez, hortik aterako baita esne freskoa. Gainerakoa makinak berak egiten du, esne jarioa hastean esterilizazio prozesuari ekiten baitio. Zerbitzuaren prezioa litroko euro batekoa da, edo euro erdikoa, litro erdiren trukean. Eguna amaitzean, makina bakoitzak dituen 300 litroko bi andelak hustu egiten dituzte, geratu den esnea kanporatuz hurrengo egunekoari tokia egiteko.
Horrez gain, Arabaesnea erakundeak bi gomendio egin ditu; batetik, ontziak berrerabiltzea, horretarako diseinatuak baitaude. Bestetik, makinatik esnea ontziratzean, ontzia pixka bat etzatea, horrela apar gutxiago sortuko baita. Azkenik, esnea naturala eta benetakoa izanda, esne gaingabetu edota koipe gabekorik saltzen ez dutela nabarmentzen dute, badaezpada.

Kooperatiba
Txema Lopez de Abetxuko Arabaesnea kooperatiban parte hartzen duen ekoizleetako bat da, eta haren esanetan, multinazional eta bitartekariek eragiten dieten «egoera jasangaitzari irteera emateko» bildu ziren hamar ekoizle arabarrak. Oso larria da esne ekoizleek jasaten duten egoera, bitartekariek erabakitzen baitituzte prezioak, eta horiei saldu ezean, ezin baitezakete esnea banatu, garraio eta azpiegitura ezagatik. «Egoera horretan sei edo hamabi hilabete iraun genitzakeen esnea ekoizten», aitortu zuen Olabarriko ekoizleak, eta «Italiako esperientziaren berri jakin genuenean antzeko zerbait egitea erabaki genuen», irtenbide hori «ekologikoa, kalitatezkoa eta etorkizunari begira bideragarria delako».
Berez udaberrian abian jarri nahi zuten proiektua aste honetan hasi da, «ia existentzia guztiak agortuz eta, agian, beste langile baten beharra sortuz», baina ilusioz beterik daude Arabaesnea-ko partaideak, Lopez de Abetxukoren esanetan «inbertsioa arriskutsua izan bada ere». Oraingoz 1.500 litro esne saltzeko asmoa dute eguneko, baina ekoizpen ahalmena 25.000 litrokoa dute.
Iñaki SALABERRI ("Gara")
 

Baserri Bizia 40


Baserri Biziaren albisteak jaso nahi badituzu zure helbide elektronikoan, bidali hurrengo datuak

Bannerra

Lo más leido

BIDEOA

Twitter icon

@baserribizia

Loading..