Urtarrilaren 6an Monsanto multinazionalak Akitaniako Montbéqui herrian daukan bulegoa okupatu zuten Confederation Paysanne sindikatuko (horren partaide da ELB Euskal Laborarien Batasuna) 80 erlezainek. Monsantoren M810 arto transgenikoa saldu eta ereitea debekatu dezaten eskatu zuten. Frantziako erlezainak ezpataren eta hormaren artean harrapatuta daude: ezpata da Europan ezin dela saldu GAO Genetikoki Aldatutako Organismo arrastoak daraman eztirik, eta horma, berriz, Frantziako Estatu Kontseiluak legez kontrakotzat jo duela Parisko Gobernuak arto transgenikoei ezarritako moratoria.
AFP agentziak YouTuben ipini duen Une centaine d'apiculteurs occupe un site Monsanto bideo laburrean azaltzen da ekintza nola izan den eta zein helburu zituzten erlezain haserretuek. Horietako batek, Joël Blanc Aveyron eskualdeko erledunak adierazi du une honetan Espainiak Europara esportatzen zituen eztiak blokatuta daudela, arto transgenikoaren arrastoak dauzkatelako. Enteratu ote dira espainolak? Ekintza ordu gutxiren buruan bertan behera utzi dute erlezainek, Le Monde egunkariak jakinarazi duenez, Parisko Gobernuaren ordezkariek bermatu dietelako aurten ere Frantzian ez dela M810 arto transgenikorik ereiteko baimenik izango.