Elikadurari buruz eskolako jantokian PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Euskal Herria - Ekimenak
2011/09/08

Ikasturtea hastearekin batera, Larrabetzuko eskolako jantokian elikadurari buruzko jardunaldiak burutuko dira irailaren 16 eta 17an. Ostiral arratsaldean hasi eta zapatu eguerdirarte, eskolako jantokia Euskal Herri osoko esperientzia eta eztabaida ezberdinen topagune izango da.
Larrabetzuko eskolan, gurasoek kudeatutako jantokian jaten dute 200 ikasleek. Gurasoek diseinatutako menua, elkarteak erositako jakiak, gurasoek kontratatutako sukaldari eta hezitzaileak, eta administrazioak diru laguntza guztiak ukatzen dizkion jantoki bat. Baina eredugarri bilakatu da azken hiru ikasturteetan.

 

Aspaldi honetan, kexu asko agertu dira catering ezberdinek kudeatutako jantokietako elikaduraren kalitatearen gainean, eta horrek kezka bat baino gehiago sortu du, gurasoengan eta hezkuntza komunitate osoan. Azken ikasturtean gainera, lan gatazka luzeak izan dira sektoreko profesionalak eta catering enpresen artean, guztira 30 eguneko grebak izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan.
Aurreko legegintzaldian Jaurlaritzak inposatutako dekretuaren ostean, guraso elkarteek ezin dute erabaki jantokietako kudeaketa ereduaren gainean, eta eskola guztiak behartuta daude catering enpresa ezberdinen artean hautatzera. Horrek, zelan ez, umeen jatekoaren gaineko kezka areagotu egin du eta asko dira, gurasoek kudeatutako sistemaren aldeko informazioa jaso gura duten eskola eta guraso elkarteak.

Baserritarren eredua
Beste alde batetik, baserritarrentzat ere eredu interesgarria da gurasoek kudeatutako jantokiena. Bertako eta hurbileko produktua, sasoikoa, kalitatezkoa bermatzeko aukera ona da, Larrabetzuko eskolak erakutsi duen bezala. Herri baserrietan ekoiztutako produktuek eta herriko dendetan erositakoek, ekonomia lokala butzatzeaz gain, kalitatea bermatzen dute.
EHNE Bizkaiak, Larrabetzuko gurasoekin auzolanean, topaketa honetan parte hartu eta lagunduko du. Eskoletarako jantoki eredu iraunkor baten bila, baserritarrentzat interesgarria eta beharrezkoa izan daitekeen ereduaren alde.